Sociedad

Garuneko eskualde jakin bateko zelula guztiak ikusgai

UPV/EHUko ikertzaile talde batek zelula guztien irudiak jasotzea ahalbidetzen duen mikroskopiako teknika berri eta iraultzaile bat aurkitu du

UPV/EHU

Bilbao

Orain arte, garuneko ehun bizia ikertzeko erabili izan diren mikroskopiako metodoak aldez aurretik markatutako zelulak bakarrik bistaratzen zituzten. Hala ere, muga teknikoak zirela-eta, garuneko eskualde jakin bateko zelula guztiak ezin ziren aldi berean etiketatu, eta horrek mugatu egin du haien ikusgarritasuna eta, hortaz, baita ulermena ere garuneko zelulak, nabarmen elkarkonektatuak, antolatu eta elkarrekintzan aritzen diren moduari buruz.

Mikroskopia oinarrizko tresna da edozein organismoren biologia ikertzeko, aztertzen diren elementuek –zelulak– tamaina mikroskopikoa baitute eta, askotan, baita nanoskopikoa ere.

Jan Tønnesen (Suedia, 1977), Ramón y Cajal Programako ikerlaria UPV/EHUko Neurozientzia Sailean, eta Leioako ACHUCARRO zentroan (Achucarro Basque Center for Neuroscience) lanean diharduena, izen handiko “CELL” aldizkariak argitaratu berri duen lan baten egileetako bat da, non mikroskopiako teknika berri bat deskribatzen duten, “SUSHI” deritzana, garuneko ehun bizian zelulak hobeto bistaratzeko.

Super-resolution Shadow Imaging

SUSHI (ingelesezko “Super-resolution Shadow Imaging” bere izenaren akronimoa) teknika berriak begiraldi batez ahalbidetzen du garuneko zelulak inguratzen dituen eremu txiki-txikia, likidoz betea, etiketatzea, eta horrela saihestu egiten da aztertu nahi diren zelula guztiak banaka etiketatu behar izatea.

Gainera, “etiketa” hori zeluletatik kanpo egoten denez gero, negatiboko irudi antzeko bat sortzen du, argazki kamera zaharretako filmen antzera. Hala, irudi negatiboak garuneko zelulei buruz biltzen duen informazioa eta dagokion irudi positiboak biltzen duena bera da, baina etiketatzeko prozesua sinpleagoa denez gero, askoz ere errazagoa da irudi hori eta biltzen duen informazio guztia lortzea.

Tønnesen doktorearen arabera "SUSHI teknika iraultzailea da, ahalbidetu egiten baitigu aldi berean bistaratzea garuneko zelula guztiak garuneko ehun biziaren eskualde jakin batean. Lehen zuriuneak topatzen genituen mikroskopiako irudietan, ezin genituelako zelula guztiak aldi berean etiketatu. Eta horrek asko mugatzen zuen gure lana. Hemendik aurrera, teknika honekin aztergai den eremuko zelula guztiak ikusi ahal izango ditugu, mikroskopioaren lentean kokatzen dugunean, eta horrek aukera emango digu garunaren funtzioei buruz dugun ezagutza areagotzeko, bai organo osasuntsuan bai gaixotzen denean".

Aurrerapen hau diziplina anitzeko eta mugaz haraindiko proiektu baten emaitza da; Bordeleko Unibertsitateko (Frantzia) Valentin Nägerl irakasleak zuzendutako ikerlari talde baten eta Jan Tønnesen doktorearen artean garatutako proiektua. Jan Tønnesen UPV/EHUko Neurozientzia Sailera elkartu zen, eta ACHUCARRO zentroko instalazioetan egiten du lan, unibertsitate honetako Parke Zientifikoan, Leioan.

 
  • Cadena SER

  •  
Programación
Cadena SER

Hoy por Hoy

Àngels Barceló

Comparte

Compartir desde el minuto: 00:00