Sociedad

Molekula-gako bat aurkitu dute Esklerosi Anizkoitza atzeratzeko

Laborategian gaixotasunaren fase kronikoan sintomak hobetzea lortu da eta orain gizakiengan ikerketan aurrera egitea da helburua

Getty Images

Bilbao

Esklerosi Anizkoitza heldu gazteen artean gaixotasun neurologiko ohikoena da. Euskadin, 2.200 pertsonak baino gehiagok dute eta 600.000ak Europan, Osakidetzaren arabera. Autoinmunea den gaitz honek “mielina-geruza” deritzon egitura erasotu eta hondatzen du, eta hori osorik egotea ezinbestekoa da garunak eta bizkar-muinak behar bezala funtzionatzeko. 18 eta 35 urte bitartean diagnostikatzen da, kronikoa da eta emakumeetan eragin gehiago du gizonetan baino.

Esklerosi Anizkoitzaren egungo tratamenduaren oinarria da sistema immunologikoaren jarduera modulatzea, eta horren zelulak nerbio-sistema zentralera iristea ekiditea. Terapia horiek eraginkorrak dira gaixotasunaren hasierako faseetan, baina ez dute gaixotasunak aurrera egin eta hondatze funtzionala ekiditen.

Gaixotasunaren fase progresiboan garunaren zelula mikroglialak dira hondatze neurologikoa eragiten duen hantura kronikoaren eragile nagusiak. Zelula mikroglialak garunaren zaintzaileak dira, eta berau kaltetu edo infektatzen bada erreakzionatzen dute. Erreakzio hori hasiera batean onuragarria da baina kaltegarri bihurtzen da denboran luzatzen bada; hantura kroniko bilakatzen da eta gaixotasuna larriagotu eta aurrera egitea bultzatzen du.

Gaitzaren kaltea murriztu

Argitaratu berri den lanean zelula mikroglialetan P2X4 izeneko errezeptore bat identifikatzea lortu da, eta horrek hantura-kontrako indarra areagotzen du. Horren ondorioz, Esklerosi Anizkoitzaren kaltea murriztu eta, batez ere, organismoaren berezko erantzun erreparatzaileak sustatzen ditu.

Esperimentu hori garatzeko gaixotasunaren animalia-ereduak erabili dira eta, horiei esker, frogatu da errezeptore hori aktibatzen duten farmakoek gaixotasunaren fase kronikoan sintomak hobetzen dituztela, nerbio-ehuna erreparatzen laguntzen baitute.

UPV/EHUko Neurozientziak saileko María Domercq Doktoreak −Leioako ACHUCARRO zentroan lan egiten du− adierazten duen moduan, “aurkikuntza honek Esklerosi Anizkoitzaren fase progresiboaren tratamenduaren garapen farmakologikorako bide berri bat irekitzen du eta, horri esker, Esklerosi Anizkoitza duten pertsonen bizitza-kalitatea hobetzeko aukera berri bat irekitzen da”.

Anbizio handiko azterlan hau nazioarteko ikerketa-talde batek garatu du, Euskadik koordinatuta, Leioak zehazki, eta bertan parte hartu dute ACHUCARRO, UPV/EHU, ciberNED eta CIC biomaGUNEko ikerlariek. Hanburgoko Unibertsitateko eta Montpellierko Genomika Funtzionaleko Institutuko profesionalen laguntza teknikoa izan dute.

Igandean, uztailak 8, Euskadiko hondartza eta igerileku guztietan eta, Euskadiko Esklerosi Anizkoiaren elkarteak antolaturik, Busti Zaitez kanpaina ospatuko da.

 
  • Cadena SER

  •  
Programación
Cadena SER

Hoy por Hoy

Àngels Barceló

Comparte

Compartir desde el minuto: 00:00