Últimas noticias Hemeroteca

Durangoko Azoka, kultura aniztasuna

Abenduaren 5etik 9ra eta "DA! asko dira" lelopean, euskal sortzaileen oparoaldia azalduko du

Durangoko Azokak aurtengo edizioko iragarkia aurkeztu du. Iragarkia Txakur Gorria sormen kolektiboak egindako kartelean oinarrituta dago, eta Landako Guneko mugimenduak irudikatzen ditu, animazioaren bidez: orrialdeak pasatzen, jendearen joan-etorria, sortzaileen sinadurak, bisitarien besarkadak... Azokako aniztasuna islatuz. 53. edizioko leloa "DA! asko dira!" izango da. Euskal kultura oparoa eta aberatsa denez, aniztasun horren isla da Azoka.

Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak adierazi duenez "Azoka kulturaren plaza da, merkatua, ikuskizuna, urteroko hitzordua, gogoeta eta eztabaidarako plataforma, jaia, errituala, topalekua...". Azpimarratu duenez, Durangoko Azoka bakarra da, baina aldi berean Azoka asko dira. "DA! bizitzeko modu asko dago. Batek Azoka ikusi egiten du, besteak entzun, batzuk abestu, norbaitek ikutu, bakarren batek laztandu, agian usaindu, edo dastatu, askok irakurri eta beste hainbatek sentitu".

Miren Amuriza eta Oier Guillan dira iragarkiaren narratzaileak. Euren hitzekin batera, Landakon entzuten diren soinuak agertzen dira, bestelako musikarik gabe.

"Sartu da / Sartu dira / Orrialdeak pasatu eta usaindu / Liburua utzi dute / Hurrengoak hartu du / Sinatuko dizut? / Tori! / Kaixo, aspaldiko! / Besarkadak / Entzun dugu / Dantzan egin du / Kontatu dit / Beste buelta bat? / DA! ASKO DIRA!".

Cargando
Cadena SER

¿Quieres recibir notificaciones con las noticias más importantes?