Sociedad

GIB/HIESaren inguruko terminologia gaurkotzeko akordioa

Bizkaisidak eta Euskaltzaindiak sinatu dute eta GIBak atxikia duen estigmaren kontrako borrokan kokatzen da

Andres Urrutia eta Marta Pastor / Euskaltzaindia

Bilbao

Euskaltzaindiak eta Bizkaisida elkarteak GIB/HIESaren eremuan erabiltzen den euskal terminologia gaurkotu eta gomendatzeko lankidetza akordioa sinatu dute. Euskaltzaindiak euskal errealitate sozialera hurbiltzeko duen konpromisoan eta Bizkaisidak gizartearen eskariari erantzunez hizkuntzaren eremuan GIBak atxikia duen estigmaren kontrako borrokan kokatzen da akordioa.

Lehen ondorio eta emaitzak azaroaren 26an aurkeztuko dituzte. Jakinarazi dutenez, gaur egun, estigma da GIBaren inguruko arazo garrantzitsuenetakoa. Horrela, ez die GIBa dutenei soilik eragiten, eta infekzioaren diagnostiko goiztiarra bezalako helburu garrantzitsuak lortzeko orduan "oztopo handi bat da". Estigmaren oinarria beldurra da. Beldur honen inguruan hitz egiteko, infekzioaren hasieraz, transmisio bideen inguruan zegoen informazio urriaz eta tratamendu eraginkorren eskasiaz hitz egin behar da", azaldu dute.

"GIBaren kontrako borrokan jarraitzea egoera bidegabe honen kontra egitea da"

Egoera asko aldatu da azken 30 urteetan. Gaixotasunaren garapena galarazten duten tratamendu seguru, erraz eta eraginkorrak baitaude. Tratamendu eraginkorra jasotzen duten pertsona seropositiboek jada ez dute infekzioa transmititzen, eta, gainera, populazio orokorraren pareko bizi itxaropena dute.

Hala ere, aurrerapen hauek lortu arren, beldurrak eta estigmak gizartean errotuta dirautela ohartarazi dute, baita 1990eko hamarkadan GIBa infekzio kroniko maneiagarri bilakatu zuten jarduera handiko tratamenduak iritsi ostean jaio ziren pertsonetan ere.

"Horregatik, gaur egun, GIBaren kontrako borrokan jarraitzea egoera bidegabe honen kontra egitea da. Hizkuntzak pentsamendua sortzeko orduan duen garrantzia ikusita, GIBaren errealitatera hurbiltzeko erabiltzen dugun hizkuntza egokitzea beldur horren aurka irabazitako borroka da. GIBarekiko estigma orokorra infekzioaren inguruko beldurrean oinarritzen da", azaldu dute.

Horrela, Bizkaisidaren arabera, "kutsatze", "kutsatuta" edo "Hiesa kutsatzea" bezalako hitz eta terminoen erabilerak ez dira zehatzak eta estigma hori sustatzen dute. "GIBaren gaia promiskuitatearekin, moralarekin edo mota bateko jokaera sexualen inguruko kontzeptuekin lotzeak GIBa bera arrazoirik gabe urruntzen du gizartetik", gaineratu dute.

Komunikazioa positibizatu

Ildo horretan, elkarteko ordezkariek nabarmendu dute "ezinbestekoa" dela GIBaren inguruko komunikazioa positibizatzea, eta horregatik, GIBaren, bere diagnostikoaren eta GIBarekin bizi diren pertsonen bizitzaren inguruko elkarrizketak normalizatzeko kontuan hartu behar dira GIBarekin bizi diren pertsonak ez direla gaixoak; GIBa eta HIESa ez direla gauza bera (HIESa ezin da transmititu ezta "kutsatu", egoera kliniko bat delako, ez infekzio bat); pertsonek GIBa dutela, GIBarekin bizi direla edo seropositiboak direla, eta jada ez dela "GIBaren eramaile" terminoa erabiltzen; eta tratamendu eraginkor batekin dauden pertsona GIBdunek ez dutela birusa transmititzen.

Halaber, jakinarazi dute GIBa ez dela kutsatzen den infekzioa. Kutsatzea ustekabean gertatzen den zerbait da, kalean, metroan edota klasean. Tuberkulosia, A hepatitisa, gripea, elgorria, meningitisa, ebola eta beste hainbat kutsatu egiten dira, baina GIBa transmititu egiten da. "Desberdintasun honek garrantzi itzela du, zerbait 'kutsakorra' dela entzuten dugunean, aldendu egiten garelako, arduraz eta prebentzio neurri bezala. GIBa mekanismo zehatz batzuen bidez soilik transmititu daiteke, eta, beraz, prebentzio neurri asko daude", azaldu dute.

Modu honetan, Bizkaisidatik adierazi dute zentzuzkoa dela GIB infekzioaren inguruan aritzeko "kutsatu" bezalako hitzen definizioan eta gaurkotzean lan egitea, honen konnotazio negatiboek GIBaren inguruko estigma indartu eta "euskal hiztunak nahi gabeko konplize" bihurtzen dituelako.

 
  • Cadena SER

  •  
Programación
Cadena SER

Hoy por Hoy

Àngels Barceló

Comparte

Compartir desde el minuto: 00:00