Últimas noticias Hemeroteca

Test azkarra, HIESAri aurre egiteko bidea

Azken bederatzi urteetan 368 kasu hauteman dira botika eta elkarteetan egiten diren test horiei esker

GIBaren aurrean erne jarraitzeko gogorarazten dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Osakidetzak eta gizarte kolektiboek. Hori da euskal gizarteari luzatzen dioten mezua. Informazioa eta aholkularitza gero eta zabalagoa izan arren, oraindik estigma da arazo handienetakoa. Horrez gain, HIESAren diagnostiko berantiarra da gaur egun GIB birusaren aurkako borrokan arazo nagusiena. Horretarako, beharrezkoak bihurtu dira birusa hautemateko test azkarrak.

2009an hasi ziren botikak eta elkarteak test azkar horiek egiten. Azken bederatzi urteetan, EAEn 26.287 test egin dira botiketan. Guztira 50 botika dira egiten dituztenak (27 Bizkaian, 16 Gipuzkoan eta 7 Araban). Horietatik 232 kasutan izan da positiboa emaitza, %0,91. Infekzio berrien %74 gizonezkoena izan da. Gaixotasuna diagnostikatu zaien pertsonen batez beste adina 37 urtekoa da gizonezkoen artean, 33 emakomezkoen artean. Aldiz, elkarteetan 9.337 froga egin dira eta 136 positibo atera dira, %1,5.

Telefonozko zerbitzuak:

  • 943 00 64 64 (Osakidetza)
  • 943 46 85 16 (Gehitu)


HIESAren Aurkako Borrokaren Nazioarteko Egunean, Osasun Sailak argitaratu duenez, HIESA eta Sexu Transmisiozko eta Infekzioaren Planaren jarduera memoriaren arabera 2017an Euskadin 133 kasu berri hauteman ziren -aurreko urtean 158 kasu jakinarazi ziren-.

Infekzio berriak saihesteko, kasuak lehenago hautemateko eta ahalik eta azkarren jardun ahal izateko beste ekintza berritzaileak sustatzen ari dira. Esate baterako, espetxeekin eta botikekin, ikastetxeetan nerabeekin edo xiringak trukatzeko programak.

Larraitz Alzate botikaria da. Donostiako Pio XIIko botikan lan egiten du eta A vivir que son dos días Euskadi irratsaioan adierazi duenez "azken urteetako datuak ikusita esan dezakegu test azkarrak egitera etortzen direnen pertsona kopuruak beherakada bat eduki dugu. 2009an hasi zirenetik urtero piskatxo bat jaitsi da. Inoiz baino informazio gehiago daukagu gaur egun bainan badirudi sexu bidez transmititzen diren gaixotasun hauei zaien beldurra txikiagoa dela".

Getty Images

Testa dohainik da elkarteetan eta 5 euro balio du botiketan. 30 minutu besterik ez dira behar froga egiteko eta puntzio baten bitartez egiten da. Emaitza nagatiboak, azkeneko arrisku praktikaz gero gutxienez hiru hilabete igaro badira, esan nahi du pertsona hori ez dagoela GIBaz infektatuta. Positiboa bada, berretsi egin behar da Osakidetzako erreferentziako zentro batean.

Karga biral detektaezina duten GIBarekin bizi diren pertsonek ezin dute infekzioa transmititu. Hori diote azken egin diren ikerketek. Ander Prol Gehitu elkarteko Osasun Teknikariaren ustez "botiketan ematen den zerbitzua, azken finean, ona da, profetsionalak dira eta formakuntza jaso dute honen inguruan, bainan elkarteetan tratua beti izaten da askoz indibidualagoa eta intimoagoa. Denbora asko pasatzen dugu datorren usuarioarekin, orduan errazagoa da guretzat aholkularitza". Prolek estigmaren arazoa azpimarratzen du. Aldi berean, Xabier Egibar, Bizkaisida elkarteko prebentzio eta diagnostiko goiztiarreko koordinatzaileak dioenez, "estigma da GIBaren inguruko arazo garrantzitsuenetako bat. Ez die GIBa dutenei soilik eragiten. Infekzioaren diagnostiko goiztiarra eta halako helburu garrantzitsuak lortzeko ere oztopo da".

Cargando
Cadena SER

¿Quieres recibir notificaciones con las noticias más importantes?