Elhuyar, 50 urte aurrerago
Zientzia eta euskara uztartzeko jaio zen fundazioak hainbat ekimen antolatu ditu 2022rako
Bilbao
Elhuyarrek mende erdia beteko du aurten eta hainbat ekimen antolatu ditu ospatzeko. Elhuyar, 50 urte aurrerago lelopean, irudi bat sortu du, eta baita Elhuyar 50 kutxa ere. 2022an egingo diren ekimen horien lekukotzak, objektuak eta oharrak gordeko dira kutxan, 2072ko herritarrek gure herriaren garai honen lekukotza bat izan dezaten.
Elhuyar 1972an jaio zen, zientzia euskaraz lantzeko helburuarekin. Donostiako Goi Mailako Ingeniaritza Eskolako euskaltzale batzuk larunbatero hasi ziren elkartzen Donostiako San Martzial kaleko Jesuiten "Círculo San Ignacio"n. Hasierako helburua ingeniaritzan gaztelaniaz ikasitako gaiak euskaraz lantzea izan zen, horretarako testuliburu batzuk prestatuz. Talde hark kultura-elkarte egitura hartu zuen gerora, eta 2002an fundazio bihurtu zen. Ordutik etengabe aritu da lanean Elhuyar, zientzia ez ezik, hizkuntza-zerbitzuak, adimen artifiziala, hizkuntza-teknologiak eta gizarte-aholkularitzako zerbitzuak eskainiz, eta euskara garatuz, honako helburu honekin: euskaratik, teknologiaz eta ezagutzaz baliatuz eta zientzia zabalduz, gizarte aktibo, kritiko eta berdinzalea eraikitzea.
Ehun kidek osatzen dute lantaldea eta, profesional horiekin batera, ibilbide horretan jarraituko du Elhuyarrek aurrerantzean ere. Euskara modernitatera eramanez. Euskalgintza zientziarekin eta teknologiarekin lotuz, sistema berritzaileak erabiliz, industriara eramanez; Euskal Herrian ez ezik, Espainiako eta Europako sareekin lotuz. Aitzindaritza, konpromisoa eta kalitate-bermea dira erakundearen ikur nagusiak. Elhuyar, 50 urte aurrerago mende-erdia bete duela ospatzeko, hainbat ekimen egingo ditu Elhuyarrek urtean zehar. Ekimen guztiei lotura emango dien beste elementua Elhuyar 50 kutxa izango da. Kutxa horretan, urtean zehar egindako ekimenen hainbat lekukotza, objektu eta ohar gordeko dira: zientzia-aurkikuntzak, gizarte-gogoetak, klima pandemia, euskal gizarteko eta mundu zabaleko berriak, artelanak... Gure herriaren eta garai honen lekukotza bat, 2072ko herritarrentzat.
Hainbat ekitaldi antolatzen ari da Elhuyar, besteak beste: euskararen erabilera arlo sozialean eta lan-munduan; gazteen artean zientzia sustatzea, Zientzia Azokaren hamargarren urteurrenaren baitan; adimen artifizialaren erronkak hizpide izango dituzten jarduerak; itzulpengintza eta teknologiaren arteko lotura eta berdintasuna eta eraldaketa soziala.