17,5 milioi euroko aurrekontua asteazkeneko plenora
Hondarribiko udal gobernuari boto bat falta zaio aurrekontu proiektua aurrera ateratzeko. 4,5 milio inbertsiotera zuzenduko dira


Hondarribia
Hondarribiko udaleko gobernu taldeak 17.573.407 euroko aurrekontua aurkeztuko du asteazkeneko Osoko Bilkurara. “Iaz baina %6 gehiago, lasai gaude, jakinik kontu ekonomikoak egoera onean ditugulako, ez diogulako inori ezer zor, eta diru-zaintzan Hondarribiarentzat garrantzizkoak diren inbertsioak egiteko moduko gerakinak ditugulako” esan du Aitor Kerejeta alkateak prentsaurrekoan.
“Hainbat aurrekontu egin ondoren, eta aurreko urteetako esperientziarekin, 2015erako aurrekontuak aurkezten ditugu, gutxienez azken 8 urteetan izan dugun egoera ekonomikorik onenean. Azken urteetan gure gastu arruntari eutsi diogu, gure diru-sarrerekin bat etorriz; hau da, ez dugu gastatu duguna baino gehiago. Eta horrek bidea eman digu Udalak egoera ekonomiko ona izateko” dio alkateak.
“Aurrekontu hauetan inbertsioak 4,5 milioikoak dira” dio Aitor Kerejetak, “hasierako onespena eta apirilean egingo dugun kreditu aldaketa kontuan hartuta. Inbertsioen artean hauek daude: Portua Hiritartzeko 5. zatia, San Pedro kalearen hasieran, Jabier Ugarte eta Santiago Konpostela kaleak berriritartzea, San Gabriel egoitzarako sarrera hobetzea eta Iturri Berriko biribilgunea konpontzeko lanak burutzea adibidez”.
Juan Mari Altuna alkateordeak aipatu duenez, “aurrekontuaren %33’84 pertsonal gastuetara doa, % 45’41 bigarren kapitulua edo mantenimendura, eta %16’3 laugarren kapitulu edota transferentzietara. Ongi da aipatzea aurrekontuaren %39’7 gastu sozialera bideratzen dela, hala nola Gizarte Zerbitzuak, enplegu sustapena, hezkuntza, gazteria, kultura, kirolak, euskera edota merkataritza eta turismora; beste %17’08 administrazio orokorrera doa, eta %25’47 azpiegituretara, hirigintza, obra eta zerbitzu orokorra, garbiketa, hondartza… azkenik, esan 2015eko aurrekontuen %13’99 hiri segurtasunera bideratzen dela”.




