Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema ezagutarazteko web berria
Helburuak gizarte-zerbitzuen berri ematea eta herritar ororentzat eskuragarri dagoen gida izatea dira

Irekia

Bilbao
Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak web gida bat sortu du, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema eta bere edukiaezagutzera emateko. Web gida elebiduna da eta euskadi.eus/gizartezerbitzuak eta euskadi.eus/serviciossociales helbideetan kontsulta daiteke.
Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak esan duenez gidaren helburua gizarte zerbitzuen berri ematea da eta horretarako modu eraginkorrena "gida bizia sortzea" da, "eguneratu daitekeena eta herritar ororentzat eskuragarri dagoena". Sailburuak eta Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak astelehen honetan aurkeztu dute web gida.
Gidak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema osatzen duten prestazio etazerbitzuen zorroari buruzko informazioa eskaintzen du. Sistema unibertsala da, zuzena, erantzukizun publikokoa eta kudeaketa mistokoa, eta herritarren esku jartzen du pertsona, familia eta talde guztien gizarteratzeari, autonomiari eta gizarte ongizateari bide emateko arreta sare publikoa, funtsean pertsonalak eta erlazionalak diren prestazio eta zerbitzuen bidez.
Titulartasun publikoko (udalen, mankomunitateen, foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren bidez) eta titulartasun pribatu hitzartuko prestazio, zerbitzu eta ekipamenduek eratzen dute sistema.
Bederatzi arlo
Web gidako berriak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman jaso diren zerbitzu eta prestazioak bederatzi arlo bereizitan banatzen ditu, informazioa arin bilatzeko: Biztanleria guztia; Mendekotasuna / Mendekotasun arriskua; Gizarte bazterketa / Bazterketa arriskua; Babesgabetasuna / Babesgabetasun arriskua; Gizarte larrialdiak; Genero indarkeria; Desgaitasun fisikoa / Adimen desgaitasuna /Zentzumen desgaitasuna; Gaixotasun mentala / Nahasmendu mentala; Familia ingurunea.
Atal horietako bakoitzean sartzean, euskal herritarrek euskal erakundeek arlo bakoitzean duten eskaintza eta sistema osatzen dutenaezagutu ahalko dute.
Artolazabalek gogorarazi du Euskadiko herritarrek zerbitzu horietara jotzeko eskubidea dutela, eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Katalogoan jaso diren prestazio eta zerbitzuen unibertsalizazioa Legeak bermatzen dituela.
Azaldu duenez, azken hamarkadetan, udalek, aldundiek eta Jaurlaritzak sare bat eratu dute, gizarte premiei ematen zaien erantzuna bermatzeko gai dena. Erabiltzaileak oinarri dituen arreta eredua da. "Eredu horrek ikuspegi komunitarioa du, hurbileko arreta eskaintzen du, eta pertsonak beren ohiko bizitza ingurunean egoteko lehentasuna emateko gai da", esan du.
Publizitate kanpaina
Web gidari forma emateko informazioa batzeko lana egin ondoren eta hura zabaltzeko prest egon ondoren, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak publizitate kanpaina bat abiatu du astelehen honetan, "Gizarte Zerbitzuak, zure eskura" izenburupean, eta hilabete iraungo du, web gidaren berri emateko, eta gizarte zerbitzuen garrantzia nabarmenduko du.
Horrela, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu du gizarte zerbitzuek hobetu egiten dutela pertsonen bizi kalitatea, gizarte premiei erantzuten dieten prestazio eta zerbitzuak ematendituztela, autonomia pertsonala sustatzen dutela eta harreman loturak, lotura komunitarioak eta, azken batean, gizarte kohesioa eraikitzeko bide ematen dutela.
"Ongizatearen egoera finkatzeko diseinatuta daude, hark lau oinarri dituela aintzat hartuta: hezkuntza sistema, osasun sistema, pentsioen sistema eta gizarte zerbitzuen sistema", gaineratu du.




