Korrikak Gares eta Gazteiz lotuko ditu 'Klika' lelopean

EUROPA PRESS

Bilbao
AEK-k "Klika" lelopean antolatu du 21. Korrika, eta euskararen aldeko hautua egiteko eta euskararen aroarekin bat egiteko deia egingo du. 2019ko apirilaren 4tik 14ra bitartean ospatuko da, Garesen hasi eta Gasteizen amaitzeko. Korrikaren edizio berriak Jose Luis Alvarez "Txillardegi" omenduko du, kulturan edota euskalgintzan ekarri zuen aldaketa aintzat hartuta.
AEK eta Korrikaren arduradunek Korrikaren 21. edizioa aurkeztu dute asteazken honetan, Donostiako San Telmo museoan egindako prentsa agerraldian. Euskal Herri osoan barrena ibiliko da euskararen aldeko lasterketa, Gares abiapuntu eta Gasteiz helmuga hartuta, eta Arabako hiriburuan jakingo da lekukoaren barruan milaka kilometro egin dituen mezuaren egilea.
Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiaren esanetan, Korrikak hasierako helburu bikoitzari eusten dio: babes ekonomikoa lortzea eta euskararen aldekotasuna sustatzea. Ildo horretan, euskaltegiei bideratzen zaizkien baliabideak oraindik "ez nahikoak" direla esan du, aurrerapausoak izan direla aitortu badu ere.
Helduek euskara doan ikasteko aukera izan dezaten bideak zabaltzea aldarrikatu du, eta hiztunen aktibazioaz ere mintzatu da: "Ezinbestekoa da helduen espazioek euskaraz funtzionatzea". AEKren helburua euskaraz bizitzea izanik, "erronka globaltzat" hartzen dute, eta horretan ari dira hasi berri den ikasturtean.
EUSKARALDIA
Euskaraldia ariketa soziala ere gogoan izan du AEKren koordinatzaileak: "Zinez sinesten dugu euskaltegietan, mintzapraktika egitasmoetan, enpresetan normalizazio planak dituzten langileen artean, milaka eta milaka ahobizi eta belarriprest aterako direla". Zeregin horretarako, "erritmoak azkartzea eta aliantza estrategikoak" egitea giltzarriak direla adierazi du.
Halaber, Korrikaren beraren mamiari erreparatuta, Asier Amondo Korrikaren arduradunak eman ditu azalpenak. "Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea" dio 21. Korrikaren mezuak, eta, beraz, "erabat lotuta" dago Euskaraldiarekin eta ohitura aldaketarekin. Ildo horretan, "konpromisoak hartzeko garaia" dela esan du Amondok.
Azkenik, adierazi du Txillardegi zenak ere "klika" egin zuela bere garaian eta "jarrera aldaketa" bultzatu zuela kulturan, euskalgintzan, pentsamenduan edota politikan. Horregatik eta Txillardegik euskara batuaren sorreran izan zuen funtsezko zereginagatik, AEK-k eta Korrikak erabaki dute Txillardegi omentzea 21. edizioan.




