"Egokiena minbiziaren inguruan erabaki partekatuak sustatzea izango litzateke"
Emakumeei mamografia bat egiteko bidaltzen zaien dokumentazioa hobetzea proposatzen du UPV/EHUko ikerketa batek

Sendoa Ballesteros / Laura López (UPV/EHU)

Bilbao
UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle Sendoa Ballesterosek eta Caceresko Consultorio Rural Mirabeleko mediku Enrique Gavilánek emakumeek bularreko minbiziaren baheketa programan parte hartu ala ez erabakitzeko jasotzen duten informazioa aztertu dute. Horretarako, galdetegi bat egin dute aztertzeko zer-nolako dokumentu ofizialak erabili dituzten Espainiako autonomia erkidegoetako osasun programek 2016an bularreko minbizia goiz detektatzeko
Bularreko minbiziaren baheketa programan, mamografiak egiten zaizkie itxuraz osasuntsu dauden emakumeei, gaixotasuna hasierako estadioan diagnostikatzeko, Gaixotasunak goiz detektatzeko programak egiteko OMEren Gidan agertzen den bezalaxe. Estatuan, horrelako programak egiten dira, eta emakumeei horietan parte hartzeko gonbidapena egiten zaie. Horretarako, informazioa ematen zaie, gutunen, liburuxken, triptikoen eta web ofizialetan agertzen den dokumentazioaren bitartez.
Sendoa Ballesterosek eta Enrique Gavilánek 17 autonomia erkidegoetako gonbidapen gutunak, diptikoak eta triptikoak, liburuxkak eta webguneak aztertu dituzte. Ez dute lortu Ceutan eta Melillan argitaratzen den dokumentazioa. Informazioa aztertu eta gero, ikertzaileen ustez, “hobetu daitezke emakumeei erabaki informatuak hartzeko ematen zaizkien dokumentuak; hala ere, egokiena litzateke erabaki partekatuak sustatzea”.
Ikerketaren egileek proposatzen dute, besteak beste, informazio materialaren kopurua eta kalitatea homogeneizatzea eta programen aurkezpen formatuak bateratzea, ezberdinak baitira erkidego bakoitzean. Edukiari dagokionez, badaude hobetzeko edo sartzeko zenbait gai, esate baterako: erabiltzaileen eskubideak, baheketak izan ditzakeen arriskuak, kalte emozionalak, maiztasunari buruzko informazio xeheagoa eta diagnostikoa baieztatzeko frogak egiteko arrazoiak.
Bularreko minbiziaren inguruko galderak
Sendoa Ballesterosen eta Enrique Gavilánen iritziz, programa horiei buruzko dokumentuek galdera hauei erantzun behar diete: zer da bularreko minbizia? zertan datza programa eta zein helburu ditu? zein eskubide dituzte emakumeek? zer eragin, onura eta arrisku ditu programak? eta zer probabilitate daude gaixotasuna egiaztatzeko beste proba batzuk behar izateko?
Erabaki informatuaren prozesuaz gain, ikertzaileek erabaki partekatuaren metodoa bezalako alternatibak deskribatzen dituzte. “Ondo egongo litzateke osasun langileek banan-banan emango baliete informazioa emakumeei, dauden aukerak azalduko balizkiete eta bakoitzaren kezkak eta helburuak aztertuko balituzte. Horrek erraztu egingo lieke emakumeei beren arrisku mailarekin, balioekin eta lehentasun pertsonalekin bat datozen erabakiak hartzea”, adierazten dute Ballesterosek eta Gavilánek.
Ikertzaileek zenbait hutsune aurkitu dituzte gaur egungo informazio materialean, baina hobekuntza ere ikusi dute duela hamar urte ematen zenarekin konparatuta. 2007an egindako ikerketa bat hartu dute erreferentziatzat, hain zuzen ere, Información a usuarias sobre el cribado de cáncer en la mujer, hori baita estatuan egin den antzeko ikerketa bakarra.

Aloña Velasco
Con tres décadas de experiencia en radio y televisión, Aloña Velasco es licenciada en Comunicación Audiovisual...




