Informazioa eta kirolak genero ikuspegitik
Begira sareak kazetariei eta publizitateko profesionalei zuzendutako materialak landu ditu, kirolari buruzko albisteak eta iragarkiak genero ikuspegitik egiten laguntzeko

Irekia

Bilbao
Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak bultzatzen duen Begira sareak kazetariei eta publizitateko profesionalei zuzendutako materialak landu ditu, kirolari buruzko albisteak eta iragarkiak genero ikuspegitik egiten laguntzeko. Publizitate agentziek eta komunikabideek osatzen dute Begira sarea, eta komunikabide eta publizitate ez sexista baterako autorregulaziorako kodea ezartzeko sortu da.
Sarearen barne sortu diren zenbait material aurkeztu dira kirolari buruzko albisteak eta iragarkiak genero ikuspegitik egiten laguntzeko (Kirolekin lotutako publizitatea eta kirolari buruzko informazioak).
Halaber, emakumeen ikusgaitasuna, hizkuntza ez sexista, emakumeen gorputzak, dibertsitatea eta diskriminazio bikoitzak eta emakumeen kontrako indarkeria bezalako gaiak jorratu dira jardunaldian zehar.
Merezi duten arretarik ez
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, eta Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirolaren zuzendariak ireki dute jardunaldia. Landaidak onartu du azken urteetan zenbait aurrerapauso eman direla, baina esan du hedabideen eta publizitatearen munduak oraindik ez diela emakumeei merezi duten arreta eskaintzen.
"Askotan ikusezinak dira, eta horrez gain, genero mailako estereotipoak indartzen dituzten hainbat adibide ikusten ditugu egunero, eta honek argi erakusten du emakume eta gizonen arteko arraila oso handia dela oraindik kirolaren munduan eta, ondorioz, baita haren tratamenduan ere", azaldu du.
Emakundeko zuzendariak neska gazteak gogoratu ditu: "Neskek ez badute erreferenterik komunikabideetan, ez badute emakumeen kirolari buruzko informaziorik aurkitzen, eta aurkitzen duten informazio hori estereotipatua baldin badago, nekez pentsatuko dute kirola eurentzako aukera bat izan daitekeela".
Bestalde, Redondok nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak baduela legealdiko konpromisoen artean "kirolaren esparruan benetako berdintasuna sustatzea" eta era askotako ekimenak bultzatzen ari dela hori lortzeko. Halaber, azpimarratu du garrantzitsua dela agerikotasuna eskaintzea erreferentziazko emakume kirolariei eta bide horretan Basque Team Fundazioak egiten duen lana goraipatu du.
Jardunaldiko hizlarien artean Pilar del Río TVE telebista kateko esataria izan da, eta komunikabideetan emakumeek duten presentzia urria deituratu du. Gainera, besteak beste, mahai ingurua egin da komunikabide, publizitate agentzia eta kirol taldeekin.




