Sociedad

Neiker-Tecnaliak nekazaritzako sei eskola iraunkor sustatu ditu Ugandan

Saluganda proiektuaren esparruan, egitasmoak Buiwe eta Mukono eskualdeetako baldintza higienikoak, elikadura eta ingurumen heziketa hobetzen laguntzen du

Neiker-Tecnalia

Bilbao

Eusko Jaurlaritzaren mende dagoen Neiker-Tecnalia nekazaritza ikerketa eta garapenerako erakundeak Ugandan sustatzen duen eskola iraunkorren proiektuak dagoeneko sei ikastetxeri ematen die estaldura, 2.507 ikaslerekin, Saluganda proiektuaren esparruan. Egitasmoak zortzi urte bete ditu sortu zenetik, eta Buiwe eta Mukono eskualdeetako baldintza higienikoak, elikadura eta ingurumen heziketa hobetzen jarraitzen du, euskal erakundeko arduradunek jakinarazi dutenez.

Neiker-Tecnalia tokiko Cape of Good Hope Orphan Care (COGHOC) GKErekin dihardu lankidetzan, Ecosan motako komun lehorrak, euri urak biltzeko tankeak, txerri haztegiak, oilategiak eta baratze ekologikoak instalatzen, ekoizpen jasangarriko ziklo bat osatzeko, eskola bakoitzaren baliabideetara egokituta. Proiektuak hainbat erakunderen laguntza dauka, besteak beste, Ner Group, Lancor S. Coop., Ekin S. Coop., Steilas eta Munduko Landa Foroarena.

Horrela, Neiker-Tecnaliako laborategietan eskoletako baratzeetako lurra eta komun eta ukuiluetatik datorren konposta analizatzen da, osasungarritasuna segurtatzeko eta ongarrien dosiak kalkulatzeko, eskoletako bertako baliabideak aprobetxatuz.

Ecosan motako komun lehorren bitartez, lehenago zeuden komunen osasun egoera eskasek eragindako kutsaketak saihestu nahi dira. Horretarako, komun "lehor" berriak eraiki dira. Izenaren oinarrian dago gorozkiek pixarena ez bezalako prozesu bat jarraitzen dutela, hezetasuna murrizteko eta errazago konpostatzeko. Gainera, hondakin horiek eskoletako sukaldetik datorren errautsarekin tratatzen dira, pH igotzeko ea kakaren patogenoak kentzeko. Konpostatu egiten dira eta, higienizazioa zuzena izan dela egiaztatu eta gero (analisi mikrobiologikoak), eskolako baratzerako ongarri moduan balio dute.

Baratzeetan eskola jangeletako dieta dibertsifikatzeko barazkiak ekoizten dira, bai eta ganaduarentzako artoa ere, eta, ondorioz, kanpoko gastuak nabarmen murrizten dira. Gainera, ikasleek beraiek egiten dituzte komunak, oilategiak eta baratzeak mantentzeko lanak, ingurumen heziketarako diseinatutako planaren barruan. Horri esker, nekazaritza eta abeltzaintza, konpostatze eta higiene pertsonaleko teknika jasangarriak ikasten dituzte, eta eskolako bizi baldintzak hobetzen dira eta, ondoren, etxekoak ere. Produktuen salmentarekin lortutako sarrerekin 257 ikaskide berri eskolatu ahal izan dira, haien familiek ezin baitzuten berez eskolako tasa ordaindu.

Bertatik bertara

Urtero bezala, Neiker-Tecnaliako ikertzaile Iker Mijangosek bertatik bertara ikuskatu du proiektuaren aurrerapena. Proiektuak dagoeneko ez du laguntzarik behar babestu diren lehen bost ikastetxeetan: Tom & Margaret Primary School (2011), Maranatha Primary School (2012), Kisimba Muslim Primary School (2013), Kiyindi SDA Primary School (2013) eta Kiyindi Community Primary School (2015). Horrenbestez, gaur egun, pentsuak, eskola materiala eta ikaslerik pobreenen eskola tasak ordaintzera mugatzen da ekarpen ekonomikoa, laguntza tekniko agropekuarioa doan emateaz gain.

Aurrerapen horiei esker beste eskola bat gehitu ahal izan da: St. Cecilia Primary School. 2017an Ecosan komunak eraikitzen hasi ziren bertan, eta 2018an 10.000 litroko tanke bat instalatu dute, euri ura jasotzeko. Gainera, akre bateko eskola baratze bat ezarri da (0,5 hektarea inguru), eta lanabesak eta nekazaritza ekologikoko haziak eta trebakuntza lantegiak eman dira.

Datozen hilabeteetan lehen bost eskoletan izandako lorpenak finkatu nahi dira, bai eta St. Cecilia Primary School-en aurrera egiten jarraitu eta azken bisitan identifikatu zen ikastetxe bat gehitu -The Good Samarithan Primary School-, inguruan mugikortasun arazoak dituzten ikasleak onartzen dituen bakarra baita.

 
  • Cadena SER

  •  
Programación
Cadena SER

Hoy por Hoy

Àngels Barceló

Comparte

Compartir desde el minuto: 00:00