Sociedad
Alzhéimer

CIC biomaGUNEk irudi-biomarkatzaileak garatu ditu alzheimerra aztertzeko

CIC biomaGUNEk tresna berriak lortu ditu 70 urtetik gorako biztanleen bigarren heriotza-kausaren prozesu fisiopatologikoa ikertzeko

Alzheimerren gaixotasuna da dementzien kausarik ohikoena / Cadena SER

Alzheimerren gaixotasuna da dementzien kausarik ohikoena. Heriotza-eragile nagusietako bat da mundu osoan, eta bigarrena 70 urtetik gorakoen artean; orotara, 13 milioi pertsonari eragiten die mundu osoan. Gaur egun, ez dago inolako tratamendu eraginkorrik, ez eta gaixotasunaren diagnostiko goiztiarra egiteko aukera fidagarririk ere merkatuan. Diagnostikoa, batez ere, sintoma klinikoetan oinarritzen da, eta sintoma horiek ez dira gertatzen gaixotasunaren hasierako etapetan, esku-hartze mediko arrakastatsuak izateko beranduegi denean baizik. Beraz, behar-beharrezkoa da biomarkatzaile berriak identifikatzea, gaixotasunaren aurrerapena modu ez-inbaditzailean monitorizatzeko, eta, hala, tratamendu-, diagnosi- eta teragnosi-estrategia berriak diseinatzea azterketa fisiopatologikoetan eta garapenean inplikatutako mekanismoen azterketan oinarrituta, eta tratamenduari ematen zaion erantzuna ebaluatzeko tresna berriak eskaintzea.

Gaixotasunaren zenbait prozesu bereizgarri deskribatu dira / CIC biomaGUNE

Gaixotasunaren zenbait prozesu bereizgarri deskribatu dira. Haietako asko sintoma klinikoak agertu baino hamarkada batzuk lehenago hasten dira, eta horrek aukera paregabea ematen du gaixotasuna goiz diagnostikatzeko eta tratamendu batekiko izan daitekeen erantzuna ebaluatzeko. Horien guztien artean, egiaztatu da alzheimerra duten pazienteen burmuinean eta alzheimerraren animalia-ereduetan butirilkolinesterasaren jarduera handitu egiten dela, eta, horrenbestez, gaixotasunaren biomarkatzaile potentzial gisa jotzen da entzima hori. “Gaixotasunaren ondorioz garuna hondatzen hasten denean, butirilkolinesterasa-mailak handituz joaten dira garun osasuntsuekin alderatuta, eta horrek adierazten du gaixotasunaren aurrerapen-egoeraren markatzaile egokia izan daitekeela”, azaldu du CIC biomaGUNEko ikertzaile Jordi Llopek.

CIC biomaGUNEko Erradiokimika eta Irudi Nuclearra Laborategiaren ildo estrategikoetako bat da Alzheimerren gaixotasunerako irudi-biomarkatzaile berriak garatzea. Ildo horretan, butirilkolinesterasaren inhibitzaile selektibo ahaltsu bat karbono-11rekin markatzea lortu dute, eta haren bidez monitorizatu dute alzheimer-gaixotasunaren eredu-saguen burmuinean entzima horrek zer biobanaketa duen eta denborarekin ugaritasunak zer bilakaera duen, positroien emisio bidezko tomografiaren bidez (PET) —sentikortasun eta bereizmen espazial handiko teknika bat—. “Garun gaixo batean entzima hori badagoen edo gainadierazita dagoen in vivo hauteman ahal izateko PET trazatzaile bat garatu den lehen aldia da, eta garrantzitsua da, gainera, luzetarako ikerketa batean frogatu izana, zeinaren bidez ikusten baita entzima horren maila-aldaketek zer bilakaera izan duten animaliaren bizitzan”, adierazi du Llopek —laborategiko buruak—.

Bilatzen jarraitzeko tresna bat

Llopek dioenez, oso litekeena da tresna hori ez erabiltzea, azkenean, detekzio goiztiarrerako klinika asistentzialean: “Karbono-11rekin markatutako konposatu bat da, hain zuzen ere, batez besteko bizitza oso laburreko isotopo batekin, eta arlo asistentzialean interes gutxi dauka horrek. Baina animalia-ereduen burmuinean entzima horren kantitatea denborarekin nola aldatzen den ikusteko aukera ematen duen tresna bat izateak bide ematen du karakterizazio hobeak lortzeko eta jakiteko zer unetan hasten den entzima hori gainadierazten; hartara, gero zergatiak bilatzeko”.

Ereduak karakterizatzeko edo botika berriak garatzeko tresna gisa aurkezten ditu emaitzak ikertzaileak: “Esate baterako, butirilkolinesterasa inhibitzera bideratutako terapiak aztertzeko balio lezake, baita luzetara terapiak funtzionatzen duen ala ez ikusteko ere. Beste aplikazio-eremu bat izan daiteke gaixotasunaren garapen-prozesuan gertatzen denaren ikerketa fisiopatologikoa egitea”.

Gaur egun, beste animalia-eredu batzuekin ari dira ikertzen: “Aurrerapauso adierazgarria litzateke beste eredu batzuetan ere badabilela frogatzea, klinikan erabili ahal izateko (ez klinika asistentzialean, baina bai saiakuntza kliniko batean beharbada)”. Hala ere, ohartarazi du neuroendekapenezko gaixotasunekin zerikusia duten ikerketak luzeak direla denborari dagokionez, gaixotasunaren garapen-prozesu osoan egiten baitira, eta, beraz, bi bat urteren buruan lortuko dituztela emaitza gehiago. Era berean, Llopek azpimarratu du oso garrantzitsua dela alzheimerra duten gaixoetan butirilkolinesterasa-mailek denboran zehar nola eboluzionatzen duten aztertu eta sor litezkeen terapiak probatu ahal izatea. Hala ere, adierazi du ikerketaren emaitzak norabide onean doazen arren, oraindik bide luzea dagoela egiteko.

Ikerketa Ljubljanako Unibertsitatearekin, Achucarro Basque Center for Neurosciencerekin eta Arabako Unibertsitate Ospitaleko Medikuntza Nuklearreko Sailarekin lankidetzan egin da, besteak beste. “Hainbat euskal erakunderen ezagutza eta indarrak baliatu ditugu asmo handiko eta diziplina anitzeko proiektu baterako”, dio Llopek.

 
  • Cadena SER

  •  
Programación
Cadena SER

Hoy por Hoy

Àngels Barceló

Comparte

Compartir desde el minuto: 00:00