Zer eragin dute botikek ingurumenean?
EHUko ikertzaile talde bat farmakoen ingurumen-inpaktuari aurre egiteko neurriak bultzatzen ari da
Iker Egaña eta Vladimir Akhrimenko / EHU
Bilbao
Basque Sustainable Pharmacy & Biotherapy taldea botikek ingurumenean daukaten eragina lantzen ari da. Zenbait ekimen proposatu ditu sendagaiek ingurumenean duten presentzia murrizteko eta giza osasunean duten eragina arintzeko. Aldi bereazn, zeregin horretan farmazia, osasun eta albaitaritza sektoreak inplikatu behar direla azpimarratu dute Iker Egaña eta Vladimir Akhrimenko EHUko ikerlariek. Horretarako, sendagaien erabilera arrazionalagoa sustatu behar dela adierazi dute.
Produktu farmazeutikoak funtsezkoak dira osasunerako, eta oinarrizko zeregina betetzen dute eta beteko dute gaixotasunen prebentzioan eta tratamenduan. Hala eta guztiz, gero eta eragin handiagoa dute ingurumenean: ekosistemei eta giza osasunari erasaten diete, eta biodibertsitatearen galera, botika antimikrobianoekiko erresistentzia eta klima-aldaketa bultzatzen dituzte. Sendagaien osagai nagusiek (lortu nahi den osasun-efektua lortzeko diseinatuak), eszipienteek (sendagaiari trinkotasuna, forma eta zaporea emateko eransten zaizkion substantzia geldoek) eta sendagaiak ontziratzeko materialek airea, lurzorua eta ura kutsatzen dituzte mundu osoan. Horrek kalte egiten die ekosistemei, eta, kalte horrek, azken batean, gizakion osasunean eragiten du.
Kontzentrazioak
“Arazoa oso zabala da, eta animalien komunitateen gaineko eragina oso askotarikoa. Gaur egungo araztegiak ez daude farmako mota guztiak deuseztatzeko diseinatuta; haietako batzuk soilik eliminatzen dituzte. Oraingoz oso txikiak dira farmako horien kontzentrazioak eta kantitateak, baina duela urte batzuetatik ikusten ari gara jada ondorioak izaten ari direla. Arazoa globala da. Eta garabidean dauden herrialdeetan are okerragoa da egoera”, diote Egaña eta Akhrimenkok.
EHUko Basque Sustainable Pharmacy & Biotherapy ikerketa-taldeko ikertzaileek adierazi dutenez, “arazo global horri aurre egiteko soluzio globalak behar dira, diziplinaz haraindikoak, izaki bizidunak eta ingurumena barne hartzen dituen One Health edo osasun bakarraren ikuspegia oinarri dutenak. Funtsezkoa da sendagai baten ziklo globalean (diseinua, ekoizpena, kontsumoa eta araztegiko deuseztapena) inplikatuta dauden pertsona guztiak kontzientziatzea, hau da, farmazia-, osasun-, eta albaitaritza-sektoreak eta, oro har, herritarrak”. EHUko ikertzaileek bide horretan aurrera egiteko gako batzuk proposatu dituzte.
Prestakuntza
Egañak eta Akhrimenkok, besteak beste, farmazia jasangarriago bat lortzeko jada inplementatuta dauden ekimenen eta agertzen ari diren ekimen berrien berrikuspen orokor eta kritikoa egin dute. Bide horretan, bizi-ziklo osoaren ikuspegia hartu dute oinarritzat farmaziako profesionalen zeregina identifikatze aldera. Diotenez, “kutsadura farmazeutikoaren arazoari aurre egiteko, esparru farmazeutiko jasangarri bat ezarri behar da, sendagaien garapenetik eta etorkizuneko profesionalen prestakuntzatik hasita“.
Mahaigaineratu dituzten soluzioen artean, hau nabarmentzen dute, besteak beste: “farmazia- eta medikuntza-sektoreko etorkizuneko profesionalek farmazia-kutsaduraren arloan prestakuntza jasotzea, gaur egun gai hori ez baita lantzen unibertsitate-ikasketetan. Hori lagungarria izango litzateke, esate baterako, farmazia-industriak sendagai biodegradagarriagoak diseina ditzan, segurtasuna arriskuan jarri gabe. Garrantzitsua da farmako baten ingurumen-inpaktuaren analisiak pisu handiagoa izan dezan lortzea“. Era berean, agerian utzi dute oso garrantzitsua dela “pazienteen aholkularitzan inplikatzea, farmakoak modu arrazionalagoan erabil daitezen, hondakinak hobeto kudea daitezen, eta abar“
Preskripzioa
Horrez gain, EHUko ikertzaileek aditzera eman dute ingurumen-kalteak kontuan hartu behar direla sendagaiak preskribatzean, eta proposatu dute osasun-sektoreak ez dezala beti zuzenean jo soluzio farmakologikora, “beste soluzio batzuk ere bilatu ditzala, eta, ahal duen neurrian, ekopreskripzioa ere sar dezala bere jardunean. Zenbaitetan, atsedenaldi batek farmako jakin batek adina lagundu dezake“, esan dute adibide gisa. Hala ere, uste dute arazo hori ez dela soilik osasun-arazoa, ez eta arazo farmazeutiko huts bat ere; “guztiok inplikatu behar dugu, eta geure buruari galdetu behar diogu ea kontsumitzen ari garen farmakoak ingurumen-inpakturik izan dezakeen. Jakin egin behar dugu kontsumitzen dugunak zer ondorio dituen“-
Auraudia
Ikertzaileek arreta berezia jartzen dute neurri arautzaileetan, eta, haien arabera, “Europa aurrera egiten ari da arlo horretan; auzi horri buruzko zuzentarauak birformulatzen ari da“ Hiriko Hondakin Uren Tratamenduari buruzko Europako Zuzentarauak, esate baterako, lehen aldiz sartu du farmakoen eta sendagaien presentzia kalitate-adierazle gisa. Halaber, oso garrantzitsutzat jotzen dute hondakin-uren araudietan ekoizlearen erantzukizun hedatua sartu izana, horri esker, araztegietan substantzia horiek ezabatzeak dakarren gastuaren zati bat beren gain har dezatela eskatzen baitzaie sektore farmazeutikoari eta kosmetikoari. Bestalde, “kontsumorako uren araudi berri batean, lehen aldiz aipatu da farmakoen presentzia neurtzeko eta haien jarraipena egiteko beharra“gaineratu dute. Eta erregulazioa bide onetik doala diote.
Aloña Velasco
Con tres décadas de experiencia en radio y televisión,...Con tres décadas de experiencia en radio y televisión, Aloña Velasco es licenciada en Comunicación Audiovisual por la Universidad de Navarra y posgrado en Análisis de Datos y Big Data por la Universidad de Deusto. En la actualidad, trabaja en la Cadena SER y centra parte de su actividad profesional en la organización y conducción de eventos.