Ocio y cultura

Aurtengo Durangoko Azokak kontzertuak ospatuko ditu herritik kanpo

Durangoko eta mugakide diren herrietako kulturzaleek euren gonbidapena erreserba dezakete jada webgunean

Durangoko Azokako antolatzaileak, prentsaurrekoan. / Durangoko Azoka

Bilbao

“Durangoko Azokako taupada ez da etengo 55. edizioan”. Esaldi honekin antolatzaileek erakutzi nahi izan dute ekitaldia bizirik dagoela, nahiz eta egoera pandemiko batean murgilduta egon. Azokako webgunean sortuko den online dendak 2300 produktu baino gehiago izango ditu salgai, 852 nobedaderekin, eta Durangon bertan 100 kultur ekitaldi baino gehiago antolatuko dira. Azoka, beraz, modu presentzialean eta online bidez gozatzeko aukera egongo da, abenduaren 4tik 8ra arte.

Durangoko Azokako online denda izango da edizio honetako nobedade nagusia. www.durangokoazoka.eus webgunean 636 liburu, 100 musika-produktu, 44 aldizkari eta 72 bestelakoak (ikus-entzunezkoak, jokoak, papergintza...) aurki daitezke. Guztira, 2.300 produktu erosi ahal izango dira euskal kulturaren denda erraldoi honetan, 185 partehartzaileren eskutik (diskoetxeak, argitaletxeak, elkarteak, autoekoizleak...).

Online dendan erosketak egiteko aukera abenduaren 4tik 8ra arte egongo da, baina ostegun honetatik aurrera katalogoa kontsultatu eta produktuak aukeratu ahal izango dira "desioen saskian", Gerediaga Elkarteko Nerea Mugikak dionez.

Durangon 100 kultur ekitaldi

Gerediagako kudeatzaile Arantza Atutxak gogoratu duenez, Azoka ez da bakarrik salerosketarako gune hutsa: "Kulturaz gozatzea, sortzaile berriak deskubritzea, hausnarketa mamitsuak entzuteko eta ikuskizun nahiz kontzertuak bizitzea ere bada".

Plateruenan diskoen aurkezpenak egingo dira, abenduaren 5etik 8ra, 10:30etik 21:00ak arte. Guztira 37 musika-talde igoko dira taula gainera, estilo guztietakoak: bakarlariak, pop, rock, hip-hop, reggaeton, folk... Besteak beste, honako taldeak izango ditugu: Bulego, Marlik, Zetak, Mikel Urdangarin, Haxotz, Korrontzi, Rafa Rueda, Basabi, Gatibu, Hibai, Trikidantz, Kohatu, Pantxix Bidart, Peio eta Itsua, Roberto eta Miren Etxebarria, X Sakara, Maria Rivero...

Landako Gunean, aldiz, gainontzeko jarduerak antolatuko dira. Ipuin aurkezpenak eta ikuskizunak, mahainguruak, literatur solasaldiak edo liburuen aurkezpenak izango dira. Idazleen artean, besteak beste, honako sortzaileen parte hartzea izango dugu: Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Jakoba Errekondo, Miren Agur Meabe, Yurre Ugarte, Kattalin Miner, Andoni Olariaga, Iñaki Egaña, Danele Sarriugarte...

Ekitaldi guztiak presentzialak izango dira, aforo mugatuarekin, eta aldez aurretik beharrezkoa izango da sarrerak erreserbatzea. Gaur gaurkoz indarrean dauden mugikortasun-ezarpenak kontuan hartuta, Durangoko egitarauaz Durangon eta mugakide diren herrietan bizi diren kulturzaleek gozatu ahal izango dute. Gonbidapenak eskuratu daitezke jada www.durangokoazoka.eus webgunean, doan.

Durangotik kanpo ere jarduerak antolatuko ditu Durangoko Azokak, Zu non, han DA! ekimenaren baitan. Euskal Herriko zortzi herritan (Amurrio, Atarrabia, Azpeitia, Bermeo, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Ondarroa) kontzertuak egongo dira, 32 musika-talderen parte-hartzearekin. Sarrerak salgai daude Azokako webgunean.

Gonzalo Loza

Gonzalo Loza

Periodista de Radio Bilbao. Informa sobre lo que ocurre en Bizkaia y Euskadi. Graduado en Periodismo...

 
  • Cadena SER

  •  
Programación
Cadena SER

Hoy por Hoy

Àngels Barceló

Comparte

Compartir desde el minuto: 00:00