Sociedad | Actualidad

Agustín Azkarate, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria

Gazteei zuzendutako deialdian, Ane Zulaikaren "Emakumeak Blai" proiektuak eskuratu du Eusko Ikaskuntza- Laboral Kutxa Gazte Saria

Agustín Azkarate / Eusko Ikaskuntza

Eusko Ikaskuntzak eta LABORAL Kutxak aditzera eman dute gaur Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Sariaren eta Gazte Sariaren 2021eko epaia.

Más información

Edizio berri honetan Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria Agustín Azkaratek eskuratu du. Hala ebatzi du sariaren epaimahaia osatzen duten Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko zazpi unibertsitateetako ordezkariek, eta Eusko Ikaskuntza eta LABORAL Kutxako ordezkariek. Bere ekarpenak maila akademikotik harago, dimentsio humanistiko, kultural, artistiko eta sozial nabarmena izan du. Epaimahaiaren ustez, “azpimarratzekoa da bere proiekzioa, akademian eta unibertsitatean ez ezik, transferentzia ere zientzia aplikatuak gizartera egiten asmatu du”.

Haren interes akademikoa espezializazio-arlotik harago doa; izan ere, bere ibilbidean zehar hainbat diziplina landu ditu, guztiak bikaintasun-maila handiarekin. Arkeologia eta Kultur Ondarea dira bere espezializazio-arloak, eta horien eta alboko beste batzuen artean loturak aurkitzeko gaitasunari esker, diziplina anitzeko maila zientifiko handiko ikerketa-taldeak osatu eta zuzendu ditu. Horien bidez, ikertzaile gazte askok bikaintasun zientifikoko prestakuntza jaso dute eta, horrekin batera, gizarte-erantzukizuneko sentimendu sendoa.

Diziplina anitzeko dimentsioa da Azkarate irakaslearen nortasunaren ezaugarrietako bat, eta, ildo horretan, puntako erreferentea da zientziaren eta horren erabilgarritasunaren inguruko gizarte-komunikazioan.

Epaimahaiak azpimarratu nahi izan du Agustin Azkarateren lanak sakonki uztartzen direla Euskal Herriko errealitatearekin eta gizarte- eta kultura-garapenarekin. Izan ere, Gasteizko Santa Maria Katedrala berritzeko planean ondo baino hobeto islatzen da hori. Hogei urtetik gora iraun zuen «Obretan eta irekita» izeneko programa eredugarriak nazioarteko zabalpena eman zien tenplu gotiko handiaren indusketa arkeologikoko eta zaharberritze historiko eta artistikoko lanei. Ekimen horrek hamaika erakunderen goraipamena jaso zuen.

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria

Ane Zulaika Aranburuk eskuratu du aurtengo Eusko Ikaskuntza- Laboral Kutxa Gazte Saria "Emakumeak Blai" lanarengatik. Hala erabaki du aho batez epaimahaiak. Bere lanak euskal emakumeek XX. mendearen bigarren erdian itsasoarekin zuten harremana erakustea du xede, euskaraz ekoiztuko den laburmetrai batean.

Pieza hori 2021-2022 urteetako epealdian egingo du eta, zehazki, ikerketa lan bat burutuko du, begirada anitzak behatu, bestelako ahotsak entzun, testigantzak jaso, artxiboak errekuperatu eta horrela emakumeen 60-80 urteetan itsasoarekin zuten harremana irudikatuko du eta hausnarketa berriak sortuko ditu.

Ane Zulaika 31 urtetako donostiarra da. Komunikazioan graduatuta, Artxibo graduondokoa egin zuen Elias Querejeta Zine Eskolan. Azken horretan, ondare zinematografikoa eta ikus-entzunezkoa identifikatzeko, sailkatzeko, zaharberritzeko eta babesteko formazio teorikoa eta praktikoa jaso zuen.

Epaimahaiaren aburuz, lanak sariaren xedearekin bat egiten du guztiz: “ezkutuan egon den emakumearen errealitate bat agerian jartzen du proiektuak eta ahaztuta dauden artxibo amateurrak berreskuratzeko ahalegina egiten du, begirada berriak jasoz emakumearen harremanean itsasoarekiko: naturarekiko konexioa, berdintasuna eta jasangarritasuna balioan ipiniz”

 
  • Cadena SER

  •  
Programación
Cadena SER

Hoy por Hoy

Àngels Barceló

Comparte

Compartir desde el minuto: 00:00