Darío Urzay, "Frakzio batean"
Margolari, argazkilari eta artista plastikoak bere ibilbidearen berezitasunak laburtzen ditu Kubo Kutxako erakusketan
Bilbao
Frakzio batean [Itzulgarria] izenburupean, erakusketak (Kutxa Fundazioa) Darío Urzayren (Bilbo, 1958) azken hogeita bost urteotako obra batzuen arteko elkarrizketa bideratzea du xede. Lan horien artean ekoizpen berriko pieza multzo bat nabarmentzen da, non agerian geratzen diren artistaren interes nagusiak, hala nola irudiak sortzeko prozesua, pinturaren eta argazkiaren arteko loturak, irudikapenaren negatiboa eta lurraldearen kartografiarekiko interesa.
Urzay Espainiako azken hamarkadetako arte garaikidearen protagonista nagusietako bat da. Haren arte-ibilbidea 1970eko hamarkadaren amaieran hasi zen, margolaritzan, Euskal Herriko hizkuntza artistikoen berrikuntza-garai betean, eta Euskal Herritik kanpo jarraitu zuen gero, Londresen, 1988ean, eta New Yorken, 1990etik aurrera. Estatu Batuetan, "hizkuntza irudikapen gisa" hartzearen inguruan sorturiko krisiari buruzko eztabaidan parte hartu zuen, eta, postmodernitate betean, postpinturaren eremuan kokatu zuen bere burua. Geroztik, jada irekitako bideen eta behin eta berriro gurutzatzen diren espazio eta garai desberdinetako irudien arteko joan-etorri bati erantzun dio haren lanak.
Bere praktika artistikoak unibertso ezezagun eta iradokitzaileak ahalbidetzen ditu, zalantzan jarriz baliabide piktorikoaren izaera bera. Bere dimentsio metalinguistiko nabarmenak agerian uzten du produkzio postmodernoaren konplexutasuna, artearen behin betiko ontologia baten ezintasuna onartuta.
Kartografiak
1990eko hamarkadaren amaieran eta 2000. urtearen hasieran, Uzayk tamaina handiko obra batzuk egin zituen. Aurreko urteetako aurkikuntza nagusiak sintetizatzen dituzten obrak dira: En una (Microverso I) fracción eta En una (Microverso II) fracción, Guggenheim Bilbao Museokoak (1997), eta El vientre del observador (Umbral de atención) eta El vientre del observador (Aftrimages), Blboko Arte Ederren Museokoak (2001) dira horietakako batzuk.
Darío Urzayren obraren izaera sedimentarioa materiaren solidotze bolumetrikoarekiko eta likidotzearekiko interesean gauzatzen da. Artistak harrizko moldeen bidez egindako buztin izoztuko gorputzak hartu eta euskarri batean uzten ditu, giro-tenperaturan, egoera likidora iritsi arte. Irudikapenaren eta haren erreferente errealaren arteko poetika kartografiko bat garatzen ari da. Izan ere, batzuetan, lurraldea baino interesgarriagoa izaten da lurraldearen mapa. Urzayk 2005ean Sajazarra (Errioxa) gainetik hegaldatuz eginiko argazkien artean, irudi biribil batzuk nabarmentzen dira, inguruko lurraldeen zatia hartzen dituztenak, hala nola harrobi batzuk edo artistak umetan lehen pausoak eman zituen tokiak ere. Lurrak, mendiak, basoak, bidexkak eta belardiak izaera piktorikoko kolore-eremu bilakatzen dira.
Denbora hedatu bat
Pandemiak ekarritako itxialdiarekin bat egin zuen introspekzio-prozesu baten ondoren, Urzayk beste lan-ildo bati ekin zion bi ardatzen inguruan: kea, argizko arrasto gisa hartua eta argazki-negatiboak. Horren guztiaren emaitza obra biluzago eta zuzenago bat izan zen. Pinturara hurbiltzeko ahalegin berri horrek, aurrekoetan bezala, marrazki-multzo bat izan zuen oinarri: batetik, haren aitak hamarkada batzuk lehenago egindako negatiboen bilduma bat eta bestetik, George Seuraten marrazkiekiko interesa.