Tabakalerako "Musika dena eta ez dena" jaialdiak bere nazioarteko proiekzioa idartuko du Londresen egingo dituen hiru kontzerturekin
Abuztuaren 6an emango dio amaiera emanaldiak bigarren edizioari Cafe Oton
Jaialdiaren izaera esperimentala islatuko duten hiru emanaldik osatuko dute programa. / Tabakalera
Bilbao
Datorren asteazkenean, abuztuaren 6an, Tabakalerak antolatutako Musika Dena eta Ez Dena jaialdiak amaiera emango dio bere bigarren edizioari Londresko Cafe Oton. Jardunaldi berezi bat prestatu dute eszena esperimentalaren eta soinu-arte garaikidearen espazio esanguratsuenetako horretarako.
Jaialdiaren izaera esperimentala islatuko duten hiru emanaldik osatuko dute Cafe Oton egingo den programa. Xabier Erkiziak Jorge Oteizaren Memorias de Montevideo obra eta artxiboko grabazioak aurkeztuko ditu, soinua oroipen historiko eta espazial gisa esploratzeko xedez. Ibon RGk, euskal eszena esperimentalaren funtsezko figurak, a capella kantua aztertu eta inprobisazio instrumentalekin uztartuko du, erraietako ikuspegi ausart batekin. Bestalde, Verde Pratok (Ana Arsuagak) bere proiektu hibridoa aurkeztuko du, elektronika, folka eta ikusizko artea uztartuz.
Nazioarteko emanaldi horrek emango dio amaiera jaialdiaren bigarren edizioari. Jaialdia uztailean egin zen Donostiako Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan, haren 10. urteurrenaren testuinguruan, eta soinu-esploraziorako eremu bihurtu zuen eraikina hainbat egunez. Bertako eta nazioarteko artistak izan ziren jaialdian (hala nola, Ale Hop, Estanis Comella, Loula Yorke, Exotic Sin, Verde Prato + Bronquio, Fernando Carvalho, Garazi Navas eta Ryosuke Kiyasu), eta esperimentazioaren, performancearen eta soinu-instalazioaren artean kokatutako musika-proposamenak aurkeztu zituzten. Programazioa eraikineko hainbat gunetan zabaldu zen, eta musikak ingurunearen pertzepzioa eraldatzeko eta entzuteko modu berriak sortzeko duen ahalmena nabarmendu zuen.
Musika Dena eta Ez Dena jaialdiaren nazioarteko hedapenarekin, Tabakalerak berretsi egin du sorkuntza garaikidearekin eta tokiko eta nazioarteko eszenen arteko konexioarekin duen konpromisoa, eta sendotu egin du musikaren aldeko apustua, tresna kritikoa, sentsoriala eta eraldatzaile gisa.
Emanaldia Hegoa Diskak, egoitza Londresen duen eta folka, elektronika eta/edo abangoardiako musika ikuspuntu esperimental batetik lantzen dituen euskal enpresarekin eta euskara, euskal kultura eta sorkuntza garaikidea nazioartean sustatzen dituen Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean antolatu du Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak.
Aloña Velasco
Con tres décadas de experiencia en radio y televisión,...Con tres décadas de experiencia en radio y televisión, Aloña Velasco es licenciada en Comunicación Audiovisual por la Universidad de Navarra y posgrado en Análisis de Datos y Big Data por la Universidad de Deusto. En la actualidad, trabaja en la Cadena SER y centra parte de su actividad profesional en la organización y conducción de eventos.