FANT 2017ko maiatzaren 5etik 17ra ospatuko da eta lanak aurkezteko epea ikrekita dago
Hurrengo edizioak Trailer Faltsuen Lehiaketa berreskuratuko du
Bilbao
FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 23. edizioa 2017ko maiatzaren 5etik 12ra bitartean ospatuko da, eta Bilboko Udalak lehiaketan parte hartuko duten filmak aurkezteko epea zabaldu du. Aurtengo edizioan ere, epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak izan diren film laburrei ematen zaizkien 3.000 euroko bi sariekin eta epaimahaiaren iritziz Euskal Herriko film labur hoberenari ematen zaion 2.000 euroko sariarekin jarraituko da.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, film laburren alorreko hiru sari horiek ezin daitezke banatu barik geratu, eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak zinemagile gazteen lanari laguntzeko hasi duen lana indartzea dute helburu, "hori baita zinemaldi fantastikoaren nortasun ikurretako bat".
Sari horiez gain, FANTen hurrengo edizioak diru saririk ez duten baina erreferentziazkoak diren sariekin jarraituko du: sail ofizialeko genero fantastikoko Film Luze Hoberenaren Saria -filmaren egileari emango zaiona- eta Fantrobia Saria -azken urteetan zine fantastikoaren barruan gorantz doan balio gisa azaldu den pertsonari emango zaiona-.
Horrez gain, beste urte batez, Sail Ofizialeko film luzeei ematen zaizkien sari hauekin ere jarraituko da: Gidoi Hoberenaren Saria -Euskal Herriko Gidoilarien Elkarteak ematen duena- eta zuzendaritza berritzaileenari ematen zaiona -FAS zine klubaren eskutik-. Halaber, Panorama Fantastikoa saileko film labur hoberenari eta film luze hoberenari emango zaizkien sariak ere banatuko dira; sail horretan oso bokazio independentea duten genero fantastikoko lanen bilduma jasoko da.
Bestalde, FANT zinemaldiaren hurrengo edizioak Trailer Faltsuen Lehiaketa berreskuratuko du. Oraindik egin gabe dagoen generoko film baten trailerra egin beharko da -hiru minutukoa, gehienez ere-. Beharrezkoa izango da 2017ko maiatzaren 15ean filmatzen hasi gabeko film bati buruzkoa izatea. Epaimahaiak 1.500 euroko lehenengo saria emango du, eta ikus-entzuleek 750 euroko bigarren saria emango dute euren botoen bitartez.
Kasu guztietan, ikusteko kopiak jasotzeko azken eguna 2017ko martxoaren 15a izango da. Materialak lehiaketara aurkezteko prozedura eta beharrezkoa den gainerako informazio guztia, zinemaldiaren webgunean dauden oinarri osoetan kontsulta daitezke: www.fantbilbao.eus